XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Amazoniako yanomamiak

Duela 40 urte inguru heldu ziren lehenengo misiolariak eta urre biltzaileak oraindik harrizko lanabesak erabiltzen dituzten komunitate honetara, Brasil eta Venezuelako mugen artean banatzen den lurraldean.

Oihaneko soilunetan daude yanoak, 40 metro diametroko etxe biribilak.

Etxe horietan 25 eta 400 pertsona inguruko komunitateak bizi dira. Enborrekin eta palmondo trentzatuekin eraikitzen dituzte yanoak ibaiertz eta lur emankorretan.

Familia bakoitzak bere apartamentua du erdi aldera irekia, eta bata bestearengandik biribilean su baten inguruan ezarritako hamaken bidez bereizia.

Hamakak, sutarako egurra, otarreak, kalabazak, uztaiak, geziak, lapikoak eta apaingarriak dira familiaren ondasunak. Emakumeen eta agureen ardura da inguru amankomuna garbi edukitzea.

Elikaduraren %80 nekazari produktuek osatzen dute, yanoatik hurbil duten baratzatik jasoak.

Yanomamiek hirurogei bat landare desberdin lantzen dituzte, baina horietatik hogei bakarrik dira jangarriak, besteak erritoetan eta sendagaiak egiteko erabiltzen dituzte.

Egurrak ebaki eta lurra garbitzea gizonen lana den bitartean, emakumeek lantzen dute lurra.

Bost-hamar bat urteren buruan lurrak berea emango du eta beste leku batera joan beharrean aurkitu ohi dira, yano berri bat eraikitzera.

Nekazari produktuen osagarri izango diren beste elikagaiak, ehizatik, arrantzatik eta oihaneko fruitu bilketatik ateratzen dituzte.

Basafruituak eta animalia txikiak (arrak eta igelak) biltzea emakumezkoen lana da. Eztia da gehien atsegin zaien oihaneko produktuetako bat.

Ehiza elikaduraren %10 baino ez bada ere, gizonezkoen ekintzarik garrantzizkoena bezala daukate eta egunero praktikatzen dute.

Ehizarako trebetasuna oso estimatua da, eta ezinbestekoa neskalaguna aurkitzeko.

Lurra landu, uzta jaso eta fruituak biltzeaz gain, amatasuna da emakume yanomamien eginkizun nagusia.

Hiru urtera arte, haurra amaren babesean ibiltzen da. Bost urtetik aurrera mutila aitarekin batera ehizaldietara joaten hasiko da; neskak berriz, amaren inguruan jarraituko du.

Yanomamien artean ez da egon ohi izendatutako buruzagirik.

Dena dela, askotan yanoan arreba eta alaba gehien dituen gizonezkoa hartzen dute buruzagitzat, beste gizonezkoek andregaia topatzeko erraztasunak izango dituztelakoan.

Zenbait gaixotasunen iturri bezala oihaneko izpiritu txarrak jotzen dituzte, ametsetan erasotzen omen dute.

Izpiritu horiei aurka egiteko txamanen laguntza eskatzen dute. Horiek hekurei, izpiritu espezializatuei, laguntza eskatzen diete gaixotasunak sendatzeko.

Gaur egun garimpeiroen eta urre biltzaileen ekintzez aparte, kanpotarrek sartzen dituzten gaixotasun kutsagarrien ondorioz, yanomamien taldea asko urritu da.